‘Abenduaren 31 Jose Migel Barandiaranen bizitzan’ liburua kalean
2016.01.14
Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak eta Nafarroako Gobernuak elkarlanean eginiko Abenduaren 31 Jose Migel Barandiaranen bizitzan. Bere egunerokoetan idatziak (1924-1988) liburuxkak argia ikusi du. Guztira 1.500 aleko tirada izan du argitalpenak.
{gallery}slider_85{/gallery}
Bertan, On Jose Migel Barandiaranek bere urtebetetze egunetan (abenduak 31) bere egunerokoetan idatzitakoak jasotzen dira. Jakina da berebiziko garrantzia ematen ziola egunero bere koadernoetan idazten zuenari; 1917an hasi zen egiteko horretan eta 1989ra arte jarraitu zuen.
Zertzelada autobiografikoak
Zertzelada autobiografikoz betetako liburuxka da eta hori horrela, irakurleak besteak beste, Barandiaranek gerra garaian, erbestean zein etxera itzultzean izandako sentsazioez jabetzeko aukera izango du. Gainera, garaian garaiko jendartearen erradiografia pertsonala ere egiten du urteko azken egunetan idatzitako parrafoetan. Barandiaran beste ikuspuntu batetatik ezagutzeko aukera, beraz.
Fundazioak eta Nafarroako Gobernuak kaleratutako lan berri honetan nabarmentzeko da, bestalde, lehentasuna eman ziola testuen fideltasunari eta Barandiaranek idatzi zituen bezala argitaratu direla; hori bai, liburuan, gainera, testuen itzulpena jasotzen da.
Liburua salgai dago, 10 eurotan (8 euro Eusko Ikaskuntzako bazkideentzat), eta nahi duenak Jose Miguel de Barandiaran Fundazioaren bitartez eros dezake bide hauek jarraituz:
Emailez: gasteiz@barandiaranfundazioa.eus
Telefonoz: 945 14 30 66